XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezetz esaten diozu, pena izanen litzatekeela batere gabe gelditzea...

Barre egiten dizute biek berriz.

-Zenbat karaktere ditu txinerak?

-Hirurogei mila.

-Arraioa!

-Baina bost bat mila dira erabilienak.

Zer edo zer esan behar eta, galde iezaiezu kantonera eta pekinera oso desberdinak diren.

Harrituko dituzu berriz, italiar hau oso jantzia zegok.

-Dena da hizkuntza bera, berdin idazten da.

-Baina desberdin ahoskatzen omen dira.

-Kantonera, entzun: uiiiñ-uho!

-Pekinera entzun: uiiiñuuuooo!

-Pekinera askoz ere leunagoa da!

Eta berriz ere irri batean, dragoi lasaitu bat bezala zuzendariak:

-Kantondarrak mailuka mintzo dira, japoniarrak bezala...

Egizu irri lasai, zuk ere mesprezatzen dituzu Kurosawa-ren pertsonaia ahots-zakarrak.

Baina badaezpada:

-Zuek pekindarrak zarete noski?

Eta biek batera, irria galtzeke:

-Ez jauna, gu kantondarrak gaituzu!

Karaktere batzuk oparitu nahi dizkizute, eta zeure herriaren izena galdetzen dizute ostera.

Ez dakizu zer erantzun, izenik ozenena eman nahi diezu, eta laburra, sakelak karakterez bete ez diezazkizuten.

-Kuba.